XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

XVII. MENDEA

IDAZLE ZUBEROTARRAK: OIHENART, TARTAS

ARNAUT OIHENART (1592-1667)

Zuberoako hiri nagusian, Maulen, jaio zen 1592 urtean.

Ordura arte euskal idazle guztiak eliz gizonak izanik, Oihenart ageri da lehen euskal idazle apaiz ez dena.

Izan zuen, hala ere, goi mailako hezkuntza zabal eta sakona, gizon ikasia, letra gizona genuen eta, Bordeleko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasten ihardun ondoren, postu garrantzitsuetan kokaturik ikusten dugu: lehenengo, Zuberoako sindiko edo diputatu; geroago, nafar aberats batekin ezkondu ondoren, Nafarroa Behereko Parlamentuko abokatu.

Historiagile bezala ospe handia lortu zuen, ikerkuntzari eman baitzion, liburutegietako idazki zaharretan datu bila aritzeko zuen kemen eta zaletasunan esker, batik bat.

Haren ikerketen ondorioz latinez idatziriko liburu sakon eta zorrotza burutu zuen: Notitia utriusgue Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae.

Liburua euskaldunen historia bat da, Nafarroari dagokionean bereziki, eta bere garaiko histori lan onenekin pareka daiteke.

Hala ere, aipaturiko tituluak lehen urratsa besterik ez bide zuen izan behar, idazlearen asmoa Euskal Herriaren Historia zabal bat egiten zelarik; honen frogagarri dira argitara gabe, eskuizkribuetan utzi zituen hogei mila orrialdeak.

Euskarazko idazlanei dagokienean, bi obra utzi zizkigun, biak 1657an Parisen obra batean argitaratuak: Atsotitzak eta Oten gaztaroa neurtitzetan.

Lehen zatia 706 atsotitzen bilduma batek osatzen du, frantsesezko itzulpenaz eta Atsotitzen hurrenkina eranskinaz horniturik.

Hauetako batzuk herri mailan bilduak dira; beste batzuk egileak beste bilduma batzuetatik hartu eta moldatuak, edo berak itzuliak.

Bigarrena poema edo neurtitzek betetzen dute.

Obra honen tituluan egilearen izena dago ezkutuan, hots, O(ihernart)en gaztaroa neurtitzetan.

Hauxe da Zuberoako lehen idazlearen literatur lan bakarra, dena poesiazkoa, eta berau aztertuko dugu.

Oten gaztaroa neurtitzetan

Oihenart poesia ikasia egiteko erabakiaz ageri zaigu.

Bere poemak edo neurtitzak hala bataiatu zituen berak, herri poesigintzatik nahita bereizi gura ditu, eite ikasia, goi mailakoa emanez.

Eite hori neurrian zein edukinean eman zion.

Neurrian, herri metrikatik urrundu eta hamalaukoa edo sonetoa delakoa erabiliz; edukinean, herri xehearentzat ulergarri ez ziren kontzeptu, aipu eta erreferentziak jalgiz.

Hau gutxi balitz, sarritan hiperbaton bortitza erabiltzen du.

Beraz, Oihenartek Etxepareren herritartasuna arbuiatu egiten zuen nolabait, gutxi batzuentzako poesia jasoa egin asmoz.

Erretorikaren erabilera oparoa eta egokia egiten du.

Egitura zail eta bitxi zalea da, eta hiztegian joera garbizalea eta neologismozalea du.

Bere neurtitz gehienak amodiozkoak dira, hainbat emakumeren izenak agertzen direlarik poemen inspirazio gai.

Banaka batzuk erlijiozkoak ditu (Jainkoazko Neurtitzak) eta beste zenbait norbaiten omenez edo norbaiti zuzenduak.